Lehen Blogs&Bikes topaketaren kronika

Joan zaigu jada lehen Blogs&Bikes topaketa. Balorazioak egingo ditugu gaurtik aurrera, lehenbizi baina hemen duzue gure kronikatxoa, batez ere hurrengo edizioetara animatu zaitezen.

Zapatuan 27 lagun inguru bildu ginen Mintxetan, Debabarreneko BTT zentroaren egoitzan. Izena emandakoak eta azken uneko sorpresa bat edo beste. Goiza freskoa zegoen, behe-lainoa zegoen artean, baina itxura ederra zeukan egunak. Orduan atera ginen, 9:30etan, ohikoa ez den zerbait gure inguruotan. Aurrena ordea talde argazkia atera genuen:

CIMG4091

Izugarri poztu gaitu hainbeste laguneko tropela bildu izanak eta esker hitzak besterik ez dauzkagu guregana etorri zinetenoi.

Mintxetatik Elgoibar erdialdera jaitsi eta San Migel – Urkaregi mendatea igotzeari ekin genion, errepidez. Igoera egitean argi geratu zen maila oso ezberdinak zeudela tropelean. Zenbaitzuk forma onean jarraitzen dute, besteok kiloak hartu ditugu negua epelago pasatzeko. Urkaregin Arnoaterako mendi-bidea hartu genuen eta handik Kostolamendira. Hemendik aurrerakoan taldea bitan banatu genuen, zailtasun eta indarren arabera.

Arnoatera bidean

CIMG4132

Gogotsuenek Olatzerako bidea lur-bidean egin zuten, eta handik Kalbaixora Apainen zehar. Besteok, indarrak neurtzea nahiago eta porlanezko bidean behera jaitsi ginen Mutrikuko Olatz auzora, eta handik zementuzko bide eroso eta ederretik hamaiketakoarekin bila.

Mutriku gainean dagoen Kalbaixoan dago kokatua Azkenetxe erretegia eta han eskaini zigun Debabarreneko BTT zentroak hamaiketako ederra. Salda, patata tortilla, txorizo egosia eta edaria. Horrela ibil daiteke bizikletan! Eskerrik beroenak BTT zentroari, benetan.

CIMG4158

Azkenetxe erretegian hamaiketakoa

Azkenetxe erretegian hamaiketakoa

Kalbaixoan ere taldea banatu genuen. Bide erraza hartu genuenok errepidez egin genuen buelta Elgoibarra, Sasiolara jaitsi eta Mendaro eta Altzolan barrena N-634an. BTTeroak Laranga auzora jaitsi ziren eta handik Debara; Elgoibar alderantz errepidez.

Mintxetara iristean opari bat zozketatu genuen etorritakoen artean, PitStop Ultimate Cleaning garbiketa kit bat, ezin egokiagoa bizikleta txukun-txukuna mantentzeko.

CIMG4202
Egindako bidea

Ander Goñi adiskideak egindako bidea GPSarekin grabatu zuen, hemen arrastoa eskuratzeko aukera. Eskerrik asko Ander!

Argazkiak eta kontakizunak

Kontakizunak:

Argazkiak:

Share
Posted in Debabarrena 2011/11/26 | Leave a comment

Hamaiketakoa

Gaur bertan konfirmatu digute Debabarreneko BTT zentroko lagunek larunbateko Blogs&Bikes-eko hamaiketakoa babestuko digutela. Azkenetxe jatetxean izango da, Mutrikuko Kalbario alboan, bista zoragarriekin eta helmugatik gertu-gertu.

Eskerrak eman nahi dizkiegu BTT zentrokoei. Ondo etorriko zaizkigu hango tortilla, salda eta txorizo egosiak indarrak berreskuperatzeko.

Share
Posted in Debabarrena 2011/11/26 | Leave a comment

Lehen Blogs&Bikes ekitaldia

Datorren azaroaren 26an, larunbata, Blogs&Bikes ekimena martxan jarriko dugu lehen ekitaldia antolatuz.

Zer da Blogs&Bikes bat?

Blogs&Beers (edota Pintxos&Blogs) ekimenetan inspiratuz sortzen dugu Blogs&Bikes, bizikleta munduko KDD-en tokearekin. Ez dakigu zehazki zer nolakoak izango diren etorkizunean antolatuko ditugun Blogs&Bikes-ak, baina lehen honetan mendi-bizikletarekin goiz-pasa joango gara Elgoibartik Debara.

Etorkizunean era eta molde ezberdinetako topaketak antolatuko ditugu, baina goazen pixkanaka, lehenengotik hasita.

Lehen Blogs&Bikes topaketa

  • Noiz: azaroak 26, larunbata.
  • Ordutegia (gutxi gora-beherakoa):
    • Irteera: 09:30
    • Bukaera: 13:00
  • Irteera eta amaiera puntua: Mintxeta (Elgoibar – aparkaleku handia dauka)
  • Ibilbidea: Elgoibar – San Migel/Urkaregi – Arnoate – Olatz – Kalbario – Deba. 30 kilometro inguru. Debatik Elgoibarra errepidez (13 kilometro) edota trenez joan ahal izango da.

Mintxetan dutxatzeko eta bizikleta garbitzeko aukera izango dugu, baita jan-edana egiteko ere.

Izen-emateak

Lehen Blogs&Bikes honetan 25 pertsonako muga jarri dugu. Bete ondorengo formularioa etortzekoa bazara, animatu zaitez!

Oharra: topaketa hau lagunarteko irteera bat da, ez da lasterketa bat. Kaskoa eramatea nahitaezkoa da eta ez dugu inolako ardurarik hartzen bertaratutakoren batek edota hirugarren batek istripuren bat badauka irteera ospatzen den bitartean.

Share
Posted in Hurrengo Blogs&Bikes irteerak | 1 Comment